Hizkuntza sino-tibetarrak
| Hizkuntza sino-tibetarrak | |
|---|---|
| Datu orokorrak | |
| Hiztunak | 1.470.000.000 (2025) 1.300.000.000 (2011) |
| Hizkuntza sailkapena | |
| giza hizkuntza Sino-Austronesian (en) | |
| Hizkuntza kodeak | |
| ISO 639-2 | sit |
| Glottolog | sino1245 |
| Linguist List | sitb |
| IETF | sit |
Hizkuntza sino-tibetarrak[1] 400 hizkuntza inguruk osatzen duten familia bat da. Ekialdeko Asian dute jatorria, eta tartean daude txinera eta haren aldaerak.[2][3]
Hiztunen kopuruari dagokionez, munduko bigarren familia dira, indoeuropar familiaren ondoren. Guztira, 1,4 mila milioi hiztun inguru biltzen dituzte; horietatik gehienak hizkuntza sinitikoen hiztunak dira, 1,3 mila milioi inguru.[4] Gainerako hizkuntzen artean, aipagarriak dira birmaniera (33 milioi hiztun inguru) eta tibeterazko hizkuntzak (6 milioi inguru), baita Himalaia inguruko eta Asia hego-ekialdeko mendialdeko hizkuntza txikiago ugari ere.[5]
Bestalde, azpimultzo txiki batzuk modu fidagarrian berreraiki dira hizkuntzalaritza historikoaren bidez; hala ere, familia osoaren protohizkuntza berreraikitzeko lanak hasierako fasean daude oraindik, eta horrek zaildu egiten du goi-mailako egitura zehaztea.[6] Tradizionalki, familia bi adar nagusitan banatu izan da: sinitikoa eta tibeto-birmaniarra; hala ere, azken horien jatorri komunari buruzko froga sendoak ez dira oraindik adostu.[7]
Halaber, sailkapen goiztiar batzuetan Kra–Dai hizkuntzak eta Hmong–Mien hizkuntzak ere familia honetan sartu izan dira, eta ikuspegi hori oraindik ere zenbait hizkuntzalari txinatarrek defendatzen dute.[8] Nazioarteko komunitateak, ordea, XX. mendeko 1940ko hamarkadatik aurrera baztertu du ikuspegi hori, antzekotasunak sprachbund fenomenoek, hau da, kontaktu bidezko konbergentziak eta mailegu goiztiarrek, azalduko lituzketela iritzita.[7] Azkenik, Asia hego-ekialdeko beste hizkuntza-familia batzuekin loturak proposatu izan dira, baina ez dute onarpen zabalik lortu.[9]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txinera, tibetera eta birmaniera bezalako hizkuntzen arteko ahaidetasun genetikoa XIX. mendearen hasieran proposatu zen lehen aldiz, eta gaur egun, oro har, onartua dago.[4] Hasierako ikerketek tradizio idatzia zuten zibilizazioetako hizkuntzetan jarri zuten arreta; denborarekin, ordea, ikuspegia zabaldu egin da, eta hiztun gutxiagoko hizkuntzak ere barne hartu dira, horietako batzuk idatzi gabe egon baitira edo duela gutxi arte ez baitira idatzi.[4]
Hala ere, familia honen berreraikuntza ez dago hain garatua indoeuropar edo austroasiar familien kasuan bezainbeste.[4] Zailtasun nagusien artean daude hizkuntzen arteko aniztasun handia, askotan flexiorik eza, eta hizkuntzen arteko kontaktuak eragindako ondorioak.[10] Gainera, hizkuntza txiki askok irisgarritasun zailak dituzten mendialdeetan dute kokalekua, eta sarritan muga-eremu sentikorretan hitz egiten dira.[10]
Bestalde, ez dago adostasunik familia honen jatorriaren data eta kokapen zehatzari buruz.[11]
Ikerketa goiztiarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XVIII. mendean, hainbat ikertzailek tibeteraren eta birmanieraren arteko antzekotasunak nabarmendu zituzten; bi hizkuntza horiek tradizio literario sendoa zuten.[12] Hurrengo mendearen hasieran, Brian Houghton Hodgson-ek eta beste zenbait ikertzailek ohartu ziren Indiako ipar-ekialdeko eta Asia hego-ekialdeko mendialdeetako hizkuntza ez-idatzi asko ere talde berekoak zirela.[12] “Tibeto-birmaniar” izendapena lehen aldiz James Richardson Logan-ek erabili zuen 1856an, eta 1858an karen hizkuntzak gehitu zizkion taldeari.[13][14] Bestalde, Linguistic Survey of India (Indiako hizkuntzen azterketa) lanaren hirugarren liburukia, Sten Konow-ek editatua, Britaniar Indiako hizkuntza tibeto-birmaniarrei eskaini zitzaien.[15]
XIX. mendearen erdialdetik aurrera, Asia hego-ekialdeko “indo-txinar” hizkuntzen azterketek erakutsi zuten lau familia bereizi zeudela: tibeto-birmaniarra, tai familia, mon-khmer familia eta malayo-polinesiarrak.[12] 1823an, Julius Klaproth-ek jada ohartarazi zuen birmanierak, tibeterak eta txinerak oinarrizko hiztegi komuna zutela, baina thailandiera, monera eta vietnamera nabarmen desberdinak zirela.[16] Ondoren, Ernst Kuhn-ek bi adar bereizi proposatu zituen: txinatar-siamesa eta tibeto-birmaniarra.[17] 1896an, August Conrady-k “indo-txinar” izendapena zabaldu zuen, nahiz eta karen hizkuntzen kokapenari buruz zalantzak izan.[18] Azkenik, Franz Nikolaus Finck-ek 1909an karenera hirugarren adar gisa sailkatu zuen txinatar-siames taldearen barruan.[19]
1924an, Jean Przyluski-k sino-tibétain terminoa erabili zuen lehen aldiz, Antoine Meillet eta Marcel Cohen-en Les langues du monde lanean.[20] Hiru multzotan banatu zituen hizkuntzak: tibeto-birmaniarra, txinera eta tai.[20] Halaber, zalantzak agertu zituen karen hizkuntzen eta hmong-mien hizkuntzen arteko loturari buruz.[21] “Sino-Tibetan” izendapenaren ingelesezko forma, berriz, 1931n agertu zen lehen aldiz, Przyluski eta Gordon Luce-ren lan labur batean.[22]
Shafer eta Benedict
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1935ean, Alfred Kroeber antropologoak Sino-Tibetar Filologia Proiektua abiatu zuen, Works Progress Administration erakundeak finantzatuta eta University of California, Berkeley-n kokatua.[23] Proiektua hasieran Robert Shafer-ek zuzendu zuen 1938ra arte, eta ondoren Paul K. Benedict-ek hartu zuen ardura. Haien gidaritzapean, hizkuntzalariak ez ziren 30 lagunek eskuragarri zeuden sino-tibetar hizkuntzei buruzko material guztiak bildu eta sistematizatu zituzten.[15] Lan horren emaitza Sino-Tibetan Linguistics izeneko 15 liburukitan banatutako testu mekanografiatuaren zortzi kopia izan zen.[24]
Lan hori ez zen inoiz argitaratu; hala ere, oinarri gisa balio izan zuen Shafer-en hainbat artikulutarako, baita haren Introduction to Sino-Tibetan lanerako eta Benedict-en Sino-Tibetan, a Conspectus obrarako ere.[25][26] Benedict-ek bere eskuizkribua 1941ean amaitu zuen, baina 1972ra arte ez zen argitaratu.[27]
Bestalde, Benedict-ek ez zuen familia osoaren zuhaitz genealogikoa berreraikitzea helburu; horren ordez, proto-tibeto-birmaniar hizkuntza berreraikitzen saiatu zen, bost hizkuntza nagusi konparatuz eta, tarteka, beste hizkuntza batzuekin alderaketak eginez.[28] Hasierako kontsonanteei dagokienez, bi mailako bereizketa proposatu zuen ahotsduntasunean oinarrituta, eta aspirazioa aurrekontsonanteen eraginaren ondorioz azaldu zuen; aurrekontsonante horiek tibeteran gorde dira, baina beste hizkuntza askotan galdu egin dira.[29] Ondorioz, honako hasierako kontsonanteak berreraiki zituen.[30]
| TB | Tibetera klasikoa | Jingpho | Birmaniera | Garo | Mizo | S'gaw Karen | Txinera zaharra |
|---|---|---|---|---|---|---|---|
| *k | k(h) | k(h) ~ g | k(h) | k(h) ~ g | k(h) | k(h) | *k(h) |
| *g | g | g ~ k(h) | k | g ~ k(h) | k | k(h) | *gh |
| *ŋ | ŋ | ŋ | ŋ | ŋ | ŋ | y | *ŋ |
| *t | t(h) | t(h) ~ d | t(h) | t(h) ~ d | t(h) | t(h) | *t(h) |
| *d | d | d ~ t(h) | t | d ~ t(h) | d | d | *dh |
| *n | n | n | n | n | n | n | *n ~ *ń |
| *p | p(h) | p(h) ~ b | p(h) | p(h) ~ b | p(h) | p(h) | *p(h) |
| *b | b | b ~ p(h) | p | b ~ p(h) | b | b | *bh |
| *m | m | m | m | m | m | m | *m |
| *ts | ts(h) | ts ~ dz | ts(h) | s ~ tś(h) | s | s(h) | *ts(h) |
| *dz | dz | dz ~ ts ~ ś | ts | tś(h) | f | s(h) | ? |
| *s | s | s | s | th | th | θ | *s |
| *z | z | z ~ ś | s | s | f | θ | ? |
| *r | r | r | r | r | r | γ | *l |
| *l | l | l | l | l | l | l | *l |
| *h | h | ∅ | h | ∅ | h | h | *x |
| *w | ∅ | w | w | w | w | w | *gjw |
| *y | y | y | y | tś ~ dź | z | y | *dj ~ *zj |
Ahaidetasun lexikoetan, kognatuen hasierako kontsonanteek, oro har, artikulazio-lekua eta artikulazio-modua partekatzen dituzte; hala ere, ahotsduntasuna eta aspirazioa sarritan ezin dira aaurreikusi.[31] Irregularitate hori Roy Andrew Miller-ek kritikatu zuen,[32] baina Benedict-en aldekoek azaldu dute fenomenoa galdutako aurrizkien ondorio izan daitekeela; aurrizki horiek sarritan ezin dira berreskuratu.[33] Gaur egun ereez dago argi.[31]
Halaber, arazo hori beste bi elementurekin batera erabili izan da: morfologia partekatu berreraikigarririk eza, eta lexiko komunaren zati handi bat txineratik tibeto-birmaniar hizkuntzetara maileguan hartua izan dela iradokitzen duten datuak. Argudio horiek Christopher Beckwith-ek erabili zituen, gaur egun gutxi diren ikertzaileetako batek, txinera eta hizkuntza tibeto-birmanniarrek ez dutela jatorri komun bera defendatzeko.[34][35]
Bestalde, Benedict-ek, gutxienez tibeto-birmaniar hizkuntzetarako, hainbat aurrizki ere berreraiki zituen: kausatiboa s-, iragangaitza m-, eta funtzio zehaztugabeko r-, b-, g- eta d-; halaber, atzizkiak ere proposatu zituen, hala nola -s, -t eta -n.[36]
Hizkuntza idatzien azterketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txinera zaharra da, alde handiz, dokumentatutako hizkuntza sino-tibetarrik zaharrena: K.a. 1250 inguruko inskripzioak eta K.a. lehen milurtekoan sortutako literatura zabala gordetzen dira.[37] Hala ere, txineraren idazkera logografikoa da, eta ez du soinuak modu sistematikoan adierazten; horregatik, zaila da hizkuntzaren fonologia testu idatzietatik berreraikitzea.[37] Ikertzaileek txinera zaharraren fonologia berreraikitzen saiatu dira, txinera ertainaren deskribapenak (erdialdeko hiztegietan jasotakoak), txinatar karaktereaken osagai fonetikoak eta poesia zaharraren errima-ereduak alderatuz.[38] Lehen berreraikuntza osoa, Grammata Serica Recensa, Bernhard Karlgren-ek egina, Benedict eta Shafer-ek erabili zuten.[37]
Karlgren-en proposamena konplexua zen, eta soinu askok banaketa irregularra zuten.[39] Ondorengo ikertzaileek berrikusi egin dute, beste iturri batzuk baliatuz.[39] Proposamen batzuk beste hizkuntza sino-tibetarretako kognatuetan oinarritu dira, baina badira txineraren barneko datuetatik abiatutakoak ere.[38] Adibidez, berreraikuntza berriek Karlgren-ek proposatutako 15 bokalak sei bokaleko sistemara murriztu dituzte, Nicholas Bodman-ek iradokitako eredua jarraituz.[40] Era berean, Karlgren-en *l fonema *r gisa berrinterpretatu da, eta beste hasierako kontsonante bat *l gisa ulertu da; horrek bat egiten du tibeto-birmaniar hizkuntzetako kognatuekin eta, gainera, txineraz egindako atzerriko izenen transkripzioek ere babesten dute.[41] Ikertzaile askok uste dute, gainera, txinera zaharrak ez zuela tonurik, eta txinera ertainaren tonuek amaierako kontsonanteetatik garatu zirela; *-s amaiera, esaterako, atzizki gisa interpretatu izan da, beste hizkuntza sino-tibetar batzuetan kognatuak dituelarik.[42]
Tibeterak idatzizko tradizio zabala du, Tibeteko Inperioak VII. mendearen erdialdean idazkera hartu zuenetik.[43] Birmanieraren lehen testuak (adibidez, XII. mendeko Myazedi inskripzioa) mugatuagoak dira, baina ondoren literatura oparoa garatu zen.[44] Bi hizkuntzak abugida motako idazkeretan jaso dira, antzinako Indiako brahmi idazkeratik eratorriak.[43] Konparaziozko lan askok hizkuntza horien forma idatzi kontserbadoreak erabili dituzte, Heinrich August Jäschke-ren (tibetera) eta Adoniram Judson-en (birmaniera) hiztegietan oinarrituta.[43]
Bestalde, tangut hizkuntzaren inguruko material ugaria ere badago, Mendebaldeko Xia erresumako hizkuntza (1038–1227).[45] Tanguta txineraren antzeko idazkera logografiko batean idatzia dago, eta horren interpretazioak zailtasun handiak sortzen ditu, nahiz eta hiztegi eleanitzak aurkitu diren.[46]
Azkenik, Gong Hwang-cherng-ek txinera zaharra, tibetera idatzia, birmaniera eta tanguta alderatu ditu hizkuntza horien arteko soinu-korrespondentziak zehazteko.[28][47] Lau hizkuntza horiek familia barruko nagusitzat jo ditu, testu-material ugaria dutelako.[48] Bere ondorioen arabera, tibeterako eta birmanierarako /a/ bokalak txinera zaharreko *a eta *ə bokalekin lotzen dira.[49] Hala ere, Nathan W. Hill-ek proposatu du garapen hori modu independentean gertatu zela tibeteran eta birmanieran.[50]
Horrez gain, beste hizkuntza batzuen testu historikoak ere aztergai bihurtu dira azken urteotan, hala nola newar klasikoa, yi idazkeraz idatzitako loloish hizkuntzak, lepcha hizkuntza eta meitei hizkuntza. Hala ere, hizkuntza horien eta haien azpimultzoen berreraikuntza sakonak oraindik garatzeke daude.[51]
Landa-ikerketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Shafer eta Benedict-ek erabili zituzten hizkuntza ez-literarioen deskribapenak, askotan, misiolariek eta administrazio kolonialeko funtzionarioek egin zituzten, eta haien gaitasun linguistikoa askotarikoa zen.[52][53]
Gainera, hizkuntza sino-tibetar txiki gehienak irisgarritasun zailak dituzten mendialdeetan hitz egiten dira; askotan, eremu horiek politikoki edo militarki sentikorrak dira, eta horrek ikertzaileen lana mugatu du.[54] 1980ko hamarkadara arte, hobekien aztertutako eremuak Nepal eta Thailandia iparraldea izan ziren.[55]
1980ko eta 1990eko hamarkadetan, hala ere, ikerketa berri ugari argitaratu ziren Himalaian eta Txinako hego-mendebaldean.[56] Bereziki aipagarria izan zen Sichuan mendebaldeko eta inguruko Qiang hizkuntzakei buruzko literatura gero eta zabalagoa.[57]
Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Sinitikoa (94,3%) Lolo-birmaniarra (3,4%) Tibetarra (0,4%) | Karenikoa (0,3%) Besteak (1,6%) |
Gaur egungo hizkuntza sino-tibetarren hedadura, neurri handi batean, hiztun gehien dituzten hiru talde nagusien hedapen historikoaren ondorioa da: txinera, birmaniera eta tibetera.[58] Hedapen horren ondorioz, aurretik zeuden hizkuntza ezezagun asko ordezkatu ziren.[58]
Bestalde, hiru talde horiek dira familiako tradizio literario zaharrenak dituztenak ere.[58] Gainerako hizkuntzak, oro har, mendialdeetan hitz egiten dira: Himalaiaren hegoaldeko magaletan, Asia hego-ekialdeko mendialdean eta Tibeteko goi-ordokiaren ekialdeko ertzean.[58]
Gaur egungo hizkuntzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiztun kopuruari dagokionez, adarrik handiena hizkuntza sinitikoak dira, 1,3 mila milioi hiztun ingururekin; gehienak Txinaren ekialdeko erdialdean bizi dira.[58] Txineraren lehen aztarnak orakulu-hezurretan ageri diren inskripzioak dira, K.a. 1250 ingurukoak; garai hartan txinera zaharra Ibai Horiaren erdialdean hitz egiten zen.[59] Ordutik, txinera Txina osoan hedatu da, eta haren barne-aniztasuna erromantze hizkuntzakenarekin alderatu izan da.[60] Aniztasuna handiagoa da Txinako hego-ekialdeko lurralde menditsuetan, Ipar Txinako lautadarekin alderatuta.[60]
Birmaniera Myanmarko hizkuntza nazionala da, eta 33 milioi hiztun ingururen lehen hizkuntza.[58] Birmanieraren hiztunak IX. mendearen hasieran iritsi ziren Irawadi ibaiaren arro iparraldera, gaur egungo Yunnan mendebaldetik, Nanzhaoren inbasioarekin batera, zeinak Pyu hiri-estatuak suntsitu baitzituen.[61] Beste hizkuntza bamar batzuk oraindik ere hitz egiten dira Yunnango mendebaldeko Dehong prefekturan.[62] XI. menderako, Pagan Erresuma arro osoan hedatua zen.[61] Testu zaharrenak, hala nola Myazedi inskripzioa, XII. mendearen hasierakoak dira.[62] Hurbileko ahaidetasuna duten loloar hizkuntzak 9 milioi pertsonak hitz egiten dituzte Sichuan mendebaldeko, Yunnango eta Myanmar iparraldeko, Thailandiako, Laoseko eta Vietnameko mendialdeetan.[63][58]
Tibeterazko hizkuntzak 6 milioi hiztun inguruk erabiltzen dituzte Tibeteko goi-ordokian eta inguruko eskualdeetan, hala nola Himalaian eta Sichuan mendebaldean.[64] Hizkuntza horiek tibetera zaharretik datoz; hasieran Yarlung haranean hitz egiten zen, eta VII. mendean Tibeteko Inperioa hedatzearekin batera zabaldu zen.[65] Inperioa IX. mendean desegin bazen ere, tibetera klasikoak eragin handia izaten jarraitu zuen tibetar budismoaren liturgia-hizkuntza gisa.[66]
Gainerako hizkuntzak, oro har, goi-lurretan hitz egiten dira. Hegoaldekoen artean daude karen hizkuntzak, Myanmar eta Thailandiaren arteko mendialdean 4 milioi pertsonak hitz egiten dituztenak; aniztasun handiena Karen mendixkak deritzen eremuan aurkitzen da, taldearen jatorrizko eremutzat jotzen dena.[67] Indiako ipar-ekialdetik Myanmar iparraldera hedatzen diren mendialdeek 100 hizkuntza sino-tibetar baino gehiago hartzen dituzte, aniztasun handikoak.[68] Halaber, hizkuntza gehiago aurki daitezke Himalaiaren hegoaldeko magaletan eta Tibeteko goi-ordokiaren ekialdeko ertzean.[68]
Azkenik, Indiako Konstituzioaren zortzigarren eranskinean jasotako 22 hizkuntza ofizialen artean bi bakarrik dira sino-tibetarrak: meitei hizkuntza (ofizialki manipuri izenekoa) eta bodo hizkuntza.[58]
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia n.d.
- ↑ van Driem & 2014 16.or.
- ↑ List et al. 1.or.
- 1 2 3 4 Handel & 2008 422.or.
- ↑ Study.com 2023.
- ↑ Handel & 2008 422–424.or.
- 1 2 Handel & 2008 424.or.
- ↑ Zhōngguó yǔyán dìtú jí & 2012 20–21.or.
- ↑ Handel & 2008 432–434.or.
- 1 2 Handel & 2008 434–436.or.
- ↑ Sagart et al. 2019.
- 1 2 3 van Driem & 2001 334.or.
- ↑ Logan & 1856 31.or.
- ↑ Logan 1858.
- 1 2 Hale & 1982 4.or.
- ↑ Klaproth & 1823 346–365.or.
- ↑ Kuhn & 1889 189.or.
- ↑ van Driem & 2001 344.or.
- ↑ Finck & 1909 57.or.
- 1 2 Przyluski & 1924 361.or.
- ↑ Przyluski & 1924 380.or.
- ↑ Przyluski & Luce 1931.
- ↑ van Driem & 2014 15.or.
- ↑ Miller & 1974 195.or.
- ↑ Miller & 1974 195–196.or.
- ↑ Benedict & 1972 v.or.
- ↑ Matisoff & 1991 473.or.
- 1 2 Handel & 2008 434.or.
- ↑ Benedict & 1972 20–21.or.
- ↑ Benedict & 1972 17–18, 133–139, 164–171.or.
- 1 2 Handel & 2008 425–426.or.
- ↑ Miller & 1974 197.or.
- ↑ Matisoff & 2003 16.or.
- ↑ Beckwith 1996.
- ↑ Beckwith 2002b.
- ↑ Benedict & 1972 98–123.or.
- 1 2 3 Matisoff & 1991 471–472.or.
- 1 2 Baxter & 1992 25–26.or.
- 1 2 Norman & 1988 45.or.
- ↑ Bodman & 1980 47.or.
- ↑ Baxter & 1992 197–202.or.
- ↑ Baxter & 1992 315–317.or.
- 1 2 3 Beckwith & 2002a xiii–xiv.or.
- ↑ Nishi & 1999 660.or.
- ↑ Thurgood & 2003 17.or.
- ↑ Hill 2015.
- ↑ Gong 1980.
- ↑ Gong & 2007 447.or.
- ↑ Handel & 2008 431.or.
- ↑ Hill & 2014 97–104.or.
- ↑ Kansākār 2005.
- ↑ Matisoff & 1991 472–473.or.
- ↑ Hale & 1982 4–5.or.
- ↑ Matisoff & 1991 470.or.
- ↑ Matisoff & 1991 476–478.or.
- ↑ Handel & 2008 435.or.
- ↑ Matisoff & 1991 482.or.
- 1 2 3 4 5 6 7 8 9 Eberhard, Simons & Fennig 2019.
- ↑ Norman & 1988 4.or.
- 1 2 Norman & 1988 187–188.or.
- 1 2 Taylor & 1992 165.or.
- 1 2 Wheatley & 2003 195.or.
- ↑ Thurgood & 2003 8–9.or.
- ↑ Tournadre & 2014 117.or.
- ↑ Tournadre & 2014 107.or.
- ↑ Tournadre & 2014 120.or.
- ↑ Thurgood & 2003 18.or.
- 1 2 Handel & 2008 424–425.or.