Zulakaitz (arkeologia)

Zulakaitza historiaurreko tresna bat da, zizel edo gubila, harriz edo "buril-kolpearen teknika" izeneko ukitu teknika bereziaz egina. Teknika hori aplikatuez gero, "zulakaitz-ebakina" izeneko harri-pintza mota jakin bat erauzten da lantzen ari den harritik, eta plano negatibo bat uzten da, euskarriaren zapalketa-planoarekiko perpendikular samar.[1]
Beste modu batean esanda, lantzen den ijelki edo printza-muturrean angelu diedroa tailatzen da. Muturreko ertz ebakitzaile hori lortzeko euskarriaren alde bateko ertza ukitzen da nahi den tokira arte, eta ondoren, urrun aldeko muturrean emandako kolpe batez ijelkitxo luze bat ateratzen da (zulakaitz-ebakina). Horrela, zulakaitz-aurpegi bat besterik ez da lortzen. Berdin eginez gero aurrez aurre dagoen aldean beste plano bat izango genuke. Horrela zulakaitz diedroa lortzen da, baina honelkoetan azpi-mota ezberdinak daude: zulakaitz diedro zuzenak, okertuak, etab.
Beste multzo bat moztura gaineko zulakaitzek osatzen dute. Hauen baitan ere azpi-tipo ezberdinak daude: zulakaitz gakotuak edo kopatuak, loro-moko zulakaitza, etab.
Denetan bereziena, Noailles-zulakaitza dugu, Gravette aldiko fosil gidaria eta jostorratzaren aurrekaria izan zitekeena, larruak zulatzeko erabili zirela uste baita.[2] Zulakaitzen garai oparoena Goi Paleolitoa da; eta Epipaleolitoan geroz eta urriagoak dira.[3]
- Zulakaitza egiteko kolpea
- Marrazki teknikoen, zulakaitza egiteko kolpea eman zen puntua (eta beraz, zulakaitza planoa sortu zen zatia ) gezitxo batez markatu ohi da.
- Zulakaitz diedroa (bi kolpez egina)
- Mesolitoko mikro-zulakaitza: 12.20mm luze, 7.76 zabal, 2.92mm lodi.
Erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zulakaitza hezur edo adarrezko tresnak egiteko erabiltzen omen ziren, hala nola azagaiak edo arpoiak, arte higigarriko objektuak egiteko, edo baita haitzean, hezurrean edo adarrean ebaki handiak egiteko ere (grabatuak egiteko).
Erdi Paleolitoko estratuetan aurkitu izan dira zulakaitzak, baina bereziki ugariak dira Goi Paleolitoko estratuetan, hezur eta adarrezko objektuen eklosio handiarekin batera.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Kipfer, Barbara Ann. "Encyclopedic Dictionary of Archaeology". Springer Science & Business Media, 29 Jun 2013
- ↑ (Gaztelaniaz) «El buril de Noailles, un predecesor de la aguja de coser» Agencia SINC (kontsulta data: 2025-07-02).
- ↑ Harrizko eta hezurrezko tipologia. Unibertsitateko Indar Batasuna. Apunte bankua.