Edukira joan

Argudio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Image
Argudio bat, arrazoiketa mapa batez erakutsia.

Argudio bat arrazoiketa edo ideia baten ahozko edo idatzizko adierazpena da, zeinaren bidez saiatzen baita proposizio edo tesi bat frogatzen, baliozkotzen, ezeztatzen edo justifikatzen. Finean, argudioek pertsonak limurtzea dute helburu. Froga logiko nahiz matematikoak argudioak dira; baina badira argudioak logikaz okerrak, edo arrazoian oinarritzen ez direnak. Argudio baten funtsezko ezaugarriak dira sendotasuna eta koherentzia; hau da, adierazpenaren, diskurtsoaren edo obraren edukiek zentzu edo esanahi bat hartu behar dute, solaskide bati zuzentzen zaizkiolarik, xede jakin batekin:

  • Egiaren eduki gisa: beste onartutako egia batzuekiko edo eduki hori egiazkoa edo faltsua egiten duen gertaera edo egoera batekiko sendotasuna eta koherentzia.
  • Eskema logiko-formal gisa: kontraesanik onartzen ez duen sistema batekiko sendotasuna eta koherentzia.
  • Funtzio logiko-matematiko gisa: funtzioa justifikatzen duen esparru teoriko jakin batean mundu bat edo egoera posible bat definitzen duen aukera logiko soil baten aurrean «zerbait erreala izatearekin» bat etortzea eta koherentzia izatea.
  • Limurtzera zuzendutako diskurtso gisa, ekintza jakin bat sustatzeko edo proposatzeko motibazio gisa.[oh 1]
  • Ekintza baten helburu gisa: modu jakin batean jarduteko motibazio gisa, edukiaren hartzaile diren gizabanakoen beste interes edo motibazio batzuekiko sendotasuna edo koherentzia.

Labur, argudioak helburu hauek ditu:

  • Ulermena, inor limurtzeko edo sineste berri bat sortzeko, egia berrien jakintza nabariaren bidez, arrazionaltasun komun batean oinarrituz.
  • Hunkiberatasuna, ekintza jakin bat motibatzeko.
  • Jurisprudentzian, alegatu esaten zaio argudioari, eta zuzenbide estatuetan egia prozesal batera iristeko balio du.

Logikan, argudio bat premisa multzo bat da ondorio batez amaitzen dena. Argudio bat sendoa izan daiteke, —hau da, baliozkoa eta premisa egiazkoekin— edo nolabait limurtzailea. Hala ere, argudio batek ez du zertan sendoa edo limurtzailea izan argudio izateko.[1] Deduktiboki baliozkoak diren argudioen adibideak izan daitezke hauek:

  1. Eguzkitsu badago, orduan eguna da.
  2. Eguzkitsu dago.
  3. Beraz, eguna da.
  1. Asteartea ez bada, orduan astelehena da.
  2. Ez da asteartea.
  3. Beraz, astelehena da.
  1. Planetak Eguzkiaren inguruan biraka dabiltza.
  2. Marte planeta bat da.
  3. Beraz, Marte Eguzkiaren inguruan biratzen da.

Kontuan izan behar da argudio bat dedukzioz baliozkoa izan dadin ez dela beharrezkoa premisak edo ondorioa egiazkoak izatea. Ondorioa premisen segida logikoa izatea besterik ez da behar. Logika formalak eskatzen du soilik premisen eta ondorioaren arteko baldintzazko harremana, besterik ez. Hau da, premisak egiazkoak badira, ondorioa ere halakoa da, hori baita ondorio logikoaren nozioaren karakterizazio semantikoa. Edo, bestela, ondorioa premisetatik ondorioztatzeko erakoa izan behar da sistema logiko baten arauen arabera, hori baita ondorio logikoaren nozioaren karakterizazio sintaktikoa. Argudio batek, baliozkoa izateaz gain, benetako premisak baditu, orduan sendoa dela esaten da.[2]

Lengoaia formal batean, argudio bat formula segida ordenatu bat bezala definitzen da, non azkena ondorio izendatzen baita, eta besteak premisa. Eta non formula bakoitza (proposizio formala) aurreko bi formula edo gehiagotatik erator baitaiteke ongi definitutako inferentzia erregela baten bidez. Horrela, frogapen matematiko bat, eskuarki, argumentu gisa formulatu daiteke, lehenengo formulak axiomak baitira beti, eta gainerakoak, berriz, formulak (teoremak), argumentua osatzen duen sekuentziako aurreko formuletatik ondorioztatutakoak.[3]

Argudioen eta argudioak emateko moduaren adibiderik garbiena zientziaren diskurtsoa da, eta haren hizkera: enuntziazio perpausa, deskripzio, definizio eta «argudiaketa». Diskurtsoa teoria baten eta erlazio logikoen eskema baten arabera egituratzen da. Erlazio logiko horien ideala harreman logiko-matematikoak dira, halakorik ahal denean.[4]

Alderdi partzialetan, formalizatutako eta sinbolizatutako hizkuntzaren bidez adierazten da, kalkulu logiko edo matematiko gisa, hizkuntza adierazpenak sinbolizatutako proposizioetara mugatuta, sistema logiko edo matematiko baten arabera.[5]

Problemak ebaztea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diskurtsoak nahi badu egiatzat ezarri sistemaren adierazpen jakin bat, aurrez egia batzuetatik abiatuta —axioma gisa edo egia aitortu gisa—, diskurtso hori froga bat dela esaten da, proposizio berri baten egia bermatzen duena sistemaren barruan baieztapen gisa. Horrelako diskurtsoak dedukzioak dira edo unibertso definitu bati edo errealitate baldintza jakin batzuei aplikatutako demostrazio logiko edo matematikoen aplikazioak. Diskurtsoaren adibiderik tipikoena problema matematikoen planteamendua eta ebazpena da.[6]

Egiazko jakintza funtzio logiko-matematiko baten eduki gisa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

funtzio matematikoak edo logikoak posibilitate hutsa adierazten du, edukirik gabeko forma; baina funtzio horrek garrantzia hartzen du, eta, beraz, sendotasuna, horrek eduki logiko edo numerikoko balioa hartzen duenean argudio gisa; halako moldez non funtzioa egiazkotzat edo faltsutzat jo baitaiteke unibertso jakin batekiko. Horregatik funtzioaren argudioa da.[7]

Bi funtzioek errealitate bat baieztapen edo prediku gisa existitzeko aukera hutsa adierazten dute, horrek mundu errealarekin zerikusia duen balio konkretu bat hartzen duenean.

Egoera jakin bat ebaztean kalkulu aljebraikoa egiteko funtzio matematiko baten aplikazioaren adibidea, balizko egia gisa Funtzio logiko baten aplikazioaren adibidea, egoera jakin baten egia posible gisa
funtzioak ez du ezer esan nahi, zerbait izateko aukera hutsa da. Baina horrek denda batean saltzen den artikulu baten prezioari dagokion 75 €-ko balioa hartzen duenean argudio gisa, funtzio horrek adierazten du erosleak ordaindu behar duena balio erantsiaren gaineko zergaren % 21 gehitzean. Horrek ematen dio funtzio horri egiazkoa edo faltsua izateko aukera, gizarte jakin bateko esperientziaren mundu errealari dagokionez. ikurrak «zaunka egitea» adierazten duenean, eta Pintto nire txakurra argudio gisa irudikatzen duenean, orduan: = Pintto zaunka ari da. ( horren beste argudio posibleren bat ere egon daiteke, adibidez —-en bat— edo — guztiak—). Orduan hartzen du funtzio horrek egitate edo egoera izaera, esperientziaren errealitatearen munduan egiazkoa edo faltsua izan daitekeena.

Argudiaketa informala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XXI. mendearen lehen hamarkadatan, argudiaketa informalak orientazio ugari izan ditzake, zenbait diziplinarekin lotuta: arrazoibide juridiko edo filosofikoa, diskurtso publiko etiko-politikoa, testuaren semiotika, gorputz komunikazioa eta pertsonen artekoa, erretorika berria, linguistika, diskurtsoaren analisiaren soziolinguistika eta abar.

Eguneroko bizitzan, argudiaketak zerikusi handia du pertsuasioarekin, edozein modutan, argudiatzen denean egin nahi izaten dena norbait zerbaitez konbentzitzea (hau da, limurtzea) baita.[8][9][10]

Diskurtsoa pertsuasio gisa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diskurtso honen helburua da —bere argudiozko arrazoiak kontuan hartuta— entzuleak modu jakin batean jokatzea. Beraz, funtsean borondateari zuzendutako diskurtso bat da, pertsuasioa eragin eta entzulea ekintzara mugitzeko norabide jakin batean, helburu jakin batzuk lortzeko. Bere komunikazio asmoa da argudio emozionalen bidez gogatzea, argudio kognitiboen bidez baino gehiago. Diskurtso mota honetan jakintza eta interesa nahasten dira. Horregatik jokatzen da erretorikak eskaintzen duen zentzu bitarikoarekin, gezurrik edo faltsukeriarik esan beharrik gabe.[11]

Adibiderik argienetako batzuk diskurtso politikoa, prediku erlijiosoa edo propaganda izan daitezke; edo, Zuzenbidean, abokatu defendatzailearen alegatua bere defendatuaren aldeko argudioak azaltzeko. Bestalde, adituen arabera pertsuasioa zenbait iturritan oinarritzen da:

  1. Lehenik, argudiatzaileak entzuleen begietara izan dezakeen fidagarritasuna, esperientzia eta «etxekotasuna». Halakorik izan ezean, argudiatzailearen ospea eta, batez ere, boterea faktore eragingarri indartsuak izan daitezke entzuleak argudioa sinets dezan.[12]
  2. Bigarrenik, pertsuasioaren beste gako bat mezua da, mezua emozionala, arrazionala edo biak batera izan baitaiteke. Honetan, argudioaren indarra, berritasuna, kopurua eta mezuaren garrantzia hartzen dira kontuan.[13]
  3. Azkenik, entzuleak rol bat betetzen du, adina, adimena, autoestimua eta antsietatea kontuan hartu beharreko faktoreak izan litezkeelako pertsona bat konbentzitzeko orduan.[14]

Froga moduko argudioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Froga motako argudioak argudio logiko-matematikoak dira, formalak direnez, eta, datu baliodun batzuei aplikatzean, baieztapen zehatz bat egia nahitaezko eta, beraz, eztabaidaezin gisa frogatzeko jarraitzen duten guztiak. Hori gertatzen da diskurtsoaren baieztapen guztien produktuak, proposizio logiko-matematiko gisa, tautologia gisa ondorio bat inplikatzen duenean.[15]

Historian zehar zenbait argudio hartu izan dira frogatzat, eta eztabaida garrantzitsuen iturri izan dira:

Falaziak eta ez argudioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «Falazia»

Falazia argudio edo adierazten mota bat da. Falaziak premisa multzo batetik logikaz eratortzen ez den ondorio batera darama; hala ere, falaziaren ondorioa egiazkoa izan daitekeela hartu behar da kontuan, falazian ondorio horretara heltzeko prozesua baita okerra.

Falazia mota bat gertatzen da ondorio bat adierazteko maiz erabiltzen den esamolde bat (gehienetan, ondoriozko lokailu bat) klausula independenteen arteko trantsizio gisa erabiltzen denean. Esate baterako, Sokrates gizakia da; gizaki guztiak dira hilkorrak; beraz, Sokrates hilkorra da argudio bat da, Sokrates hilkorra dela aurreko baieztapenetatik ondorioztatzen delako. Aldiz, Egarri nintzen; beraz, edan egin nuen ez da argudio bat, halakoaren itxura izan arren. Izan ere, edan egin nuen ez dator logikoki egarri nintzen baieztapenetik. Alabaina, esaldi honek duen beraz lokailuak adierazten du edan nuen baieztapena egarri nintzen baieztapenetik dedukzioz sortzen dela, baina hori ez da arrazoi bat. Hala, esaldi hori falazia bat da, eta ez argudio bat.[16]

  1. ↑ Limurtze mugatuagoaren zentzua hobesten da, konbentzitu hitzaren aldean. Izan ere, konbentzitzea adimenari zuzentzen zaio arrazoi logikoen bidez, sinesmen berri bat egiazkotzat sortzeko gai direnak. Aldiz, limurtzea borondateari zuzentzen zaio, ekintza motibatzeko, nahiz eta motibazio horiek ez duten bazter uzten arrazoi kognitiborik, ekintzaren interesera bideratuta dauden heinean; horien artean egon daiteke zerbait egiazkotzat sinesteko «konbentzitzea».

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ (Ingelesez) «Validity and Soundness» Internet Encyclopedia of Philosophy (kontsulta data: 2026-08-07).
  2. ↑ (Ingelesez) Field, Hartry. (2011). «Validity and the Unprovability of Soundness» Saving Truth From Paradox (Oxford Univ. Press: Oxford University Press)  doi:10.1093/acprof:oso/9780199230747.003.0003. OCLC .729351793 (kontsulta data: 2026-08-07).
  3. ↑ (Ingelesez) «Axioms and Theorems» Atlantic International University (web.archive.org).
  4. ↑ (Gaztelaniaz) Leiva Salum, Natalia; Vidal Lizama, Margarita. (2024). «Demostración matemática: género discursivo y conexiones lógicas desde una mirada lingüística» Revista de Estudos da Linguagem 32 (3): 896-932. or.  doi:10.17851/2237-2083.32.3.896-932. ISSN 2237-2083. (kontsulta data: 2026-08-08).
  5. ↑ (Ingelesez) Franks, Curtis. (2024). Zalta, Edward N. ed. «Propositional Logic» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (kontsulta data: 2026-08-08).
  6. ↑ (Ingelesez) Hanna, Gila, ed. (2010). Explanation and Proof in Mathematics. New York: Springer US  doi:10.1007/978-1-4419-0576-5. ISBN 978-1441905758. OCLC .1339554498 (kontsulta data: 2026-08-08).
  7. ↑ (Ingelesez) Badesa, Calixto; Bertran-San Millán, Joan. (2017). «Function and Argument in Begriffsschrift» History and Philosophy of Logic 38 (4): 316-341. or.  doi:10.1080/01445340.2017.1354173. ISSN 0144-5340. (kontsulta data: 2026-08-08).
  8. ↑ (Ingelesez) Perelman, Chaim. (1975). Bar-Hillel, Yehoshua ed. «The New Rhetoric» Pragmatics of Natural Languages (Dordrecht: Springer Netherlands): 145-149. or.  doi:10.1007/978-94-010-1713-8_8. ISBN 978-9401017138. OCLC .851378386 (kontsulta data: 2026-08-08).
  9. ↑ (Ingelesez) Toulmin, Stephen E.. (2003). The Uses of Argument. (2. argitaraldia) Cambridge: Cambridge University Press  doi:10.1017/cbo9780511840005. ISBN 978-0521827485. OCLC .1263610247 (kontsulta data: 2026-08-08).
  10. ↑ (Ingelesez) Petty, Richard E.; Briñol, Pablo. (2008). «Persuasion: From Single to Multiple to Metacognitive Processes» Perspectives on Psychological Science 3 (2): 137-147. or.  doi:10.1111/j.1745-6916.2008.00071.x. ISSN 1745-6916. (kontsulta data: 2026-08-08).
  11. ↑ (Ingelesez) Bova, Antonio; Galimberti, Carlo; Arcidiacono, Francesco; Haddouk, Lise. (2023). «Editorial: Discourse, conversation and argumentation: Theoretical perspectives and innovative empirical studies, volume II» Frontiers in Psychology 14  doi:10.3389/fpsyg.2023.1141009. ISSN 1664-1078. PMID 36760429. (kontsulta data: 2026-08-09).
  12. ↑ (Ingelesez) Briñol, Pablo; Petty, Richard E. (2009). «Source factors in persuasion: A self-validation approach» European Review of Social Psychology 20 (1): 49-96. or.  doi:10.1080/10463280802643640. ISSN 1046-3283. (kontsulta data: 2026-08-09).
  13. ↑ (Ingelesez) Briñol, Pablo; Petty, Richard E.. (2009). Leonard Berkowitz; Mark P. Zanna eds. «Chapter 2 Persuasion» Advances in Experimental Social Psychology (New York: Academic Press) 41: 69-118. or.  doi:10.1016/S0065-2601(08)00402-4. OCLC .921893414 (kontsulta data: 2026-08-09).
  14. ↑ (Ingelesez) Petty, Richard E.; Briñol, Pablo. (2008). «Psychological Processes Underlying Persuasion: A Social Psychological Approach» Diogenes 55 (1): 52-67. or.  doi:10.1177/0392192107087917. ISSN 0392-1921. (kontsulta data: 2026-08-09).
  15. ↑ (Ingelesez) Rideau, Silvain. (2015). «Propositional logic: Formal proofs and completeness» Département d'Informatique de l'ENS (web.archive.org).
  16. ↑ (Ingelesez) Schumann, Jennifer. (2025). «Argumentation, Fallacies and Language» The Pragmatics of Straw Man Fallacies: An Experimental Approach (Cham: Springer Nature Switzerland): 9-54. or.  doi:10.1007/978-3-031-94094-1_2. ISBN 978-3031940941. OCLC .1530444640 (kontsulta data: 2026-08-09).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • (Ingelesez) Argument. Indiana Philosophy Ontology Project (web.archive.org)