Lucia Areitioaurtena
| Lucia Areitioaurtena | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Ermua, 1925eko abenduaren 10a |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Donostia, 2019ko otsailaren 5a (93 urte) |
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | gaztelania euskara |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | pilotaria |
| Izengoitia(k) | Erromaretakua |

Lucia Areitioaurtena Isasi-Isasmendi (Ermua, Bizkaia, 1925eko abenduaren 10a - Donostia, Gipuzkoa, 2019ko otsailaren 5a)[1] erraketista profesionala[2] izan zen 7 urtez. Herrian Lucia Erromaretakua izenez ezaguna.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ermuko tren-geltokiaren ondoan jaio zen Lucia. Amak trenaren erromaren kargua zuen eta hortik zetorkion goitizena.[3] Garai hartako beste neska askok bezala, Eibarko frontoian ikasi zuen pilotan.[4]
Lehen urratsak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sasoi hartan Euskal Herrian erraketista asko sortu ziren, pilotarako zaletasun handia baitzegoen. Eta horietako asko eibartarrak edo Eibarko frontoietan ikasitakoak ziren. Astelena frontoian hasi zen Lucia ere pilotan zaletzen eta ikasten. Eibar beste herri batzuk baino irekiagoa zen, ez hain katolikoa; sozialistak eta errepublikanoak ziren nagusi. Emakumeek askatasun gehiago zuten, nahiz eta, batzuek begi onez ikusi ez kirol hau. Mugimendu handiko frontoia zeukan. Hiru pilota eskola sortu zituzten, eta pilotarien harrobia bihurtu zen Eibar.[5]
Erraketista ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
15 urterekin erraketista profesional gisa Bartzelonara jokatzera joateko kontratua egin zioten. 1941ko azaroaren 10ean abiatu ziren lagun bat eta biak Kataluniara. Han gosea pasatzea suertatu zitzaien. Gerra oste gogorra zen. Barrio Txinoan bizi ziren, leku arriskutsua zen eta zaindari batekin ibili behar izaten zuten partidak jokatu ondoren.
Luciak erraketista jardun zuen garaian, hain zuen 1943. urteko estatistika baten arabera, jokamolde guztiak kontuan hartuta (eskua, pala, erremontea,zesta...) 1.432 pilotari profesional zeuden eta horietatik erdia baino gehiago, 734 zehazki emakume erraketistak ziren. 1947. urteko beste datu baten arabera, urte hartan 737 erraketista profesional zebiltzan kantxetan.
Estatuan Madril eta Bartzelona izan ziren erraketaren gune indartsuenak. Espainiar Estatuan 37 frontoi izatera iritsi ziren eta bakoitzean 30-40 erraketista aritzen ziren. Egunero jokatzen zituzten partidak, punta-puntan ez zebiltzanek arratsaldez eta gauez, eta, onenek, gauez bakarrik. Horrek esan nahi du egunero betetzen zirela frontoiak.[6]
Erraketari agur
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal erraketista nabarmenen artean kontsideratuta,[7]zazpi urtez Bartzelonan jokatzen jardun ondoren, hangoak amaituta, Ermuan ile-apaintzaile jarri zen. Eugenio Unamunorekin ezkonduta, 4 seme-alaba izan zituen. Real Sociedad futbol-taldeko Asier Riesgo atezainaren amama da. Azken urteetan Donostian bizi izan zen.
Omenaldiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Emakumezkoen kirol profesionalean aitzindariak izan ziren erraketistak, historiak ahaztu egin dituen arren.[8] Halere, azken urteotan merezitako hainbat omenaldi jaso dituzte.[9]
- 2003ko abenduaren 26an Ermuan ospatutako IV. Pilota Egunean omendua izan zen herriko beste erraketistekin batera. Oroigarri bat eman zitzaion: “LUCIA AREITIOAURTENA, jaso ezazu Ermuar danon esker ona, raketista munduan egin duzun ibilbide luze eta emankorragaitik”.
- 2013ko abuztuaren 19an Bilboko La Esperanza frontoian omenaldia jaso zuen, Conchita Bustindui, Olga Cazalis eta Maria Elena Hernandezekin batera.[10]
- 2015eko uztailaren 23an Errenteriako "Fanderia" frontoiari Agustina Otaola izena jarri zioten eta Agustina buru zela, Miren Uzkudun "Asteasu", Maria Dolores Larramendi, Ramonita Gametxo, Rosa Soroa, Gloria Agirre "Txikita de Aizarna" eta Maria Elena Hernández erraketistekin batera, Lucia ere omendu zuten.[11]
- 2016an 36 urteren ondoren, erraketistak bueltan izan ziren kantxan, Errenteriako Agustina Otaola frontoian. Ikusleen artean zeuden Agustina Otaola, Lucia Areitioaurtena bera, Miren Uzkudun Asteasu, Maria Dolores Larramendi, Ramonita Gametxo, Rosa Soroa, Gloria Agirre Txikita de Aizarna eta Maria Elena Hernández.[12]
- 2019an Erakusketa antolatu zuen Ziortza-Bolibarko Simon Bolibar museoak erraketisten omenez.[13]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Esquelas y Necrologicas | Ermua | Lucia Areitioaurtena Isasi-Isasmendi | diariovasco.com» canales.diariovasco.com (kontsulta data: 2021-02-08).
- ↑ «Emakume erraketistak - Aintzinako lanbideak» ORAIN Gipuzkoa (kontsulta data: 2021-02-08).
- ↑ «Areitioaurtena Isasi-Isasmendi, Lucia - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (kontsulta data: 2021-02-08).
- ↑ «Ahotsak ikasgelan» ikasgelan.ahotsak.eus (kontsulta data: 2021-02-08).
- ↑ «Azken erraketistak, mende hasierako kirolari profesionalak» Argia (kontsulta data: 2021-02-08).
- ↑ https://www.naiz.eus/es/hemeroteca/gaur8/editions/gaur8_2015-10-10-07-00/pages/14.pdf
- ↑ (Gaztelaniaz) Noticias, Diario de. «Historia de la pelota femenina, ¿la conoces?» www.noticiasdenavarra.com (kontsulta data: 2022-02-25).
- ↑ Garmendia, Lander Muñagorri. «Ahaztutako erraketistak» Berria (kontsulta data: 2021-02-08).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Las raquetistas, las primeras deportistas profesionales de España» El Independiente 2019-02-22 (kontsulta data: 2021-02-08).
- ↑ (Gaztelaniaz) «La Esperanza rinde un sentido homenaje a las raquetistas» Mundo Deportivo 2013-08-20 (kontsulta data: 2021-02-08).
- ↑ «" Agustina Otaola, Raketista Profesionala " Frontoiaren izen berria. :: Eple Errenteria» www.eple-errenteria.org (kontsulta data: 2021-02-08).
- ↑ «Jende asko eta partidu ederra, raketa modalitatearen bueltan - Hernani» Kronika.eus (kontsulta data: 2021-02-08).
- ↑ «'Emakumeak eta Euskal Pilota' erakusketa ikusgai Simon Bolivar Museoan» KULTUR SHAREA 2019-07-24 (kontsulta data: 2020-03-05).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Apostando por ellas. Historia de las raquetistas
- Erraketistak lehen eta orain. Dokumentala
- Emakume erraketistak. Erakusketa
- Erraketistak, aitzindariak pilotaren munduan