Canalsek 1950ean amaitu zituen Magisteritza ikasketak eta, hiru urte geroago, Zientzia zehatzetako lizentziatura lortu zuen Bartzelonako Unibertsitatean. Ondoren, Lizeo Frantsesean eta Talitha Eskolan hasi zen lanean eta bertan, 1956 eta 1962 artean, metodo bat jarri zuen praktikan Haur hezkuntzan berrikuntza pedagogikorako, Montessori metodoari jarraituz. [2]
Zeregin horren barruan hasi zen sortzen 'Joko matematikoen' esparruan behar zen material guztia. 1962ko urrian, Bartzelonan lanean zebilela engaiamendu handiagoa eskatzen zuen zonalde batean, non ikasle etorkinak eta bizi baldintza txar-txarrak zeuden, “Ton i Guida” eskola sortu zuen Verderón auzoan; 42 ikaslerekin hasi zen eta 1975ean 400 zituen. Une zailak igaro zituen eskolak, batez ere bere burua finantzatzeko, baina 1972 eta 1975 artean 400 ikasle baino gehiago izan zituen, eta eredutzat jotzen zuten. 1979ra arte zuzendu zuen eskola hau. Zenbait maisu-maistra eta irakasle talderen sortzailea ere izan zen, "Perímetre" irakasle taldearena, adibidez.
1965ean Marta Mata, Pere Darder, María Teresa Codina eta beste batzuekin, Rosa Sensat maisu-maistren Elkarteko[3] fundatzailea izan zen.[4]
Maisu-maistren hasierako prestakuntzan lan egin zuen, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Sant Cugateko Maisu-maistren Eskolan eta Vic-eko Unibertsitatean Matematiken Didaktikako irakasle gisa. 1982an Gironako Maistren Eskolako irakasle izan zen, erretiroa hartu zuen arte. Rosa Sensateko Udako Eskoletan eta Espainiako estatu osoko ikastaro eta mintegietan ere parte hartu zuen.[5]
2001. urtean erretiroa hartu zuen eta harrezkero Eskolako Matematikarako Materialen eta Ikerketaren Kabinetea (Gamar) zuzendu zuen. 2002an, Gironako Unibertsitatean, matematikaren irakaskuntzari buruzko hausnarketa-, esperimentazio- eta dibulgazio-gune bat sortu zuen eskolan, Haur Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzako lehen zikloan, adibidez, zenbaki-regleten erabilera sustatuz. 2014an Rosa Sensat-en CAÀREM (Hezkuntza Matematikorako Jarduera eta Gogoeta Zentroa) sortzea ere bultzatu zuen.[6][5]
Descartes sarearen proiektu bat da eta bertan saiatzen ari dira digitalizatzen Maria Antònia Canalsek sortu duen eta sortzen ari den material manipulatzaile eskerga. Informazio- eta komunikazio- teknologien erabilerari enfasi berezia jartzen diote, eta haietan nola txertatu material didaktikoak.[7]
Gironako Unibertsitateko Liburutegiak M. Antònia Canals Fondoa dauka, 500 liburuki inguruz osatua, batez ere matematikari eta bere irakaskuntzari eta ikaskuntzari buruzkoa. M. Antònia Canalsek irakasle, irakasle prestatzaile eta sortu dituen material didaktiko ugari prestatzeko bere ibilbide luzean bildu dituen liburuak dira, matematika haurrei eta publiko orokorrari hurbiltzeko asmoz.[8]