Matematikari


Matematikaria pertsona bat da, azterketa eta ikerketa gune nagusia matematika duena. Bestela esanda, matematikaren ikerketa arloan ezagutza berriekin laguntzen duen pertsona da. Horrela, matematikako teoriak bakarrik aplikatzen dituztenak ez dira matematikaritzat hartzen, hala nola, fisikariak, ingeniariak, ekonomialariak, etab.
Matematika hainbat eremutan baliagarria denez gero, asko dira, hala nola, fisika, informatika, ekonomia, besteak besteko eremuetan parte hartzen duten matematikariak.
Matematikari terminoaren erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Matematikari terminoari dagokionez, batez ere bi interpretazio nagusi daude. Alde batetik, matematikari esaten zaio matematikako ikerketan aktiboki aritzen den pertsonari[1]; gaur egun, gehienetan, gai horretan espezializatutako aldizkarietan argitalpenak egiten dituenari. Horrelakoen artean aurki ditzakegu, adibidez, Henri Poincaré edo Andrew Wiles.
Bestetik, matematikari hitzak matematikaren ezagutza bereziak[2] dituen pertsona bat ere adieraz dezake, baita matematikaren irakaskuntza edo dibulgazio bezalako arloetan lan egin duen norbait. Horren adibide dira, besteak beste, Aurelio Baldor edo Martin Gardner.
Nazioarteko Matematika Batasunak, bere munduko matematikarien urtekarian[3], honako definizioa jasotzen du: “Azken lau urteetan, hiru datu-base bibliografiko nagusietan (Zentralblatt MATH, Mathematical Reviews era Referativny Zhurnal) aipatutako bi artikulu (gutxienez) dituen edozein pertsona matematikari aktibotzat jotzen da”.
Batzuetan matematika puruen eta matematika aplikatuen[4] artean bereizketa egiten da. Bereizketa hori matematikako ikerketa eta lotutako beste arlo batzuetako ikerketak bereizteko erabiltzen da. Beste arlo horiek industria, ingeniaritza edota teknologia izan daitezke. Halaber, diziplina arteko arloak ere izan daitezke horiek, adibidez, zientzia kognitiboak. Horrez gain, senide zientziak ere sartzen dira bereizketa horretan, hala nola estatistika edo informatika. Are gehiago, gizarte zientziak ere kontuan har daitezke, adibidez, filosofia edo historia. Hala ere, bereizketa hori ez dago guztien artean onartuta. Era berean, ez dago adostasunik matematikari “zientzialari”[5] gisa sailkatzearen inguruan ere.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizadiaren hastapenetan, gure arbasoek ez zituzten gaur egun ditugun tresna matematikoak. Horrek esan nahi du ezin zutela objektu, kopuru edo fenomeno naturalak zehaztasunez neurtu eta kuantifikatu. Matematikarik ez izateak mugatu egiten zuen kalkuluak egiteko, egitura konplexuak eraikitzeko edo inguruan zuten munduan patroiak ulertzeko zuten gaitasuna. Matematika faltak arazo zientifiko eta teknologikoak konpontzea ere zailtzen zuen.
Matematikaren sorrera duela milaka urte arte arakatu daiteke, lehen zibilizazioak zenbaki-sistemak garatzen eta kopuruak irudikatzeko sinboloak erabiltzen hasi ziren arte. Zenbatzeko eta neurtzeko premiak bultzatu zuen zenbakizko sistema oinarrizkoen sorrera. Antzinako babiloniarrak, egiptoarrak, greziarrak eta txinatarrak izan ziren alor horretako aitzindarietako batzuk. Zibilizazio horiek oinarrizko kontzeptu matematikoak garatzen lagundu zuten, hala nola aritmetika eta geometria.
Matematikari ezagunen artean lehenetarikoa Mileto-ko Tales (K.a. 624 – K.a. 546) izan zen; benetako lehen matematikaritzat goraipatzen da, eta aurkikuntza matematiko bat egotzi zaion lehen pertsona da.[6] Berari egozten zaio arrazoiketa deduktiboa lehen aldiz geometriari aplikatu izana: Talesen teoremari lotutako lau korolario atera zituen.

Urteak pasa ahala, matematikari ezagunen kopurua handitu egin zen Samosko Pitagoras-ek (K.a. 582 – K.a. 507) eskola pitagorikoa sortu zuenean. Eskola horren doktrina zen unibertsoa matematikak gobernatzen zuela, eta haien goiburua “Dena da zenbakia” zen.[7] Pitagorastarrek asmatu zuten "matematika" izena, eta haiekin hasi zen matematika bere kabuz ikergai gisa lantzen. Pitagoras Crotona-ko Teanorekin (K.a. VI. Mendea) ezkondu zen; emakume hau ere matematikari eta filosofo greziarra zen, eskola pitagorikoaren kidea. Berari egozten zaizkio matematika, fisika eta medikuntzari buruzko hainbat tratatu, baita urrezko proportzioaren aurkikuntza ere. Teano historiako lehen emakume matematikaritzat hartzen da.
Historia idatziak jasotzen duen lehenengoetako beste emakume matematikaria Alexandriako Hipatia (K.o. 350 – 415 inguruan) da. Bere aitak utzitako tokia hartu zuen Alexandriako Liburutegi Handiko liburuzain gisa, eta matematika aplikatuari buruzko lan ugari idatzi zituen. Gatazka politiko baten ondorioz, Alexandriako kristau komunitateak exekutatu egin zuen.[8]
Matematikak eboluzionatzen jarraitu zuen historian zehar. Erdi Aroan, matematikari islamiarrek, hala nola Al-Khwarizmik, funtsezko zeregina izan zuten antzinako matematika-ezagutza gorde eta zabaltzeko, bai eta aljebra garatzeko ere.[9] Aipatzekoa da aginte musulmanaren pean lan egin zuten jakintsu askok diziplina askotan zutela aditu-maila: polimatak ziren hainbat zientziatan. Adibide gisa, Ibn al-Haytham-en lanak aipa daitezke: optikari, matematikari eta astronomiari buruzkoak.
Denborak aurrera egin ahala, matematikari asko unibertsitateetarantz jo zuten. XVII. mendean hasita, pentsamendu askearen eta esperimentazioaren garrantzia azpimarratzen hasi zen Britainia Handiko unibertsitate zaharrenetan[10]: Oxford-en, Robert Hooke eta Robert Boyle zientzialariekin, eta Cambridge-n, non Isaac Newton Matematika eta Fisikako irakasle lucasiarra zen.
XIX. mendean, matematika birplanteatzen eta beste zientzien arteko lotura gisa pentsatzen hasi zen. Sinbologia erabiltzen hasten da definizio, axioma, erregela eta postulatuetan oinarritutako teoria zehatz eta deduktiboa sortzeko. Horrela, aurretik aurkitutako elementuak teorema aurreratuago bilakatzen dira.
Gaur egun, matematika ezinbestekoa da hainbat arlotan. Bai fisikan, ingeniaritzan, ekonomian eta medikuntzan ere, matematika da erabakiak hartzeko, problemak ebazteko eta teknologia aurreratzeko oinarria. Informatika, adibidez, algoritmo matematikoetan oinarritzen da, eta kriptografiak gure komunikazio digitalak babesten ditu kontzeptu matematikoak erabiliz.
Matematika funtsezko tresna da ikerketa zientifikoan ere, unibertsoko fenomeno konplexuak modelatzen eta ulertzen laguntzen baitu, partikulen fisikatik hasi eta ekologiaraino.
Matematikari ospetsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Leonhard Euler suitzarra (1707-1783) (fisikari eta matematikaria) bere garaiko matematikari gailenetakotzat hartzen da; bere lan itzelak jakintza zientifiko eta matematikoaren hainbat adar besarkatzen ditu, eta gaur egun erabiltzen den notazio eta terminologiaren zati handi baten sortzailea da, hala nola funtzioaren kontzeptuarena. «Matematikaririk emankorrena» dela ere esaten da.
- Carl Friedrich Gauss alemaniarra (1777-1855) (matematikaria, astronomoa eta fisikaria), «matematikaren printzea» goitizenaz ezaguna. Gauss haur miraria izan zen, eta, zalantzarik gabe, XIX. mendeko matematikaririk nabarmenena; «Antzinarotik handiena» ere esaten zitzaion.
- Srinivasa Ramanujan indiarra (1887-1920) matematikari autodidakta izan zen; nahiz eta prestakuntza akademikorik ez izan, ekarpen bikainak egin zituen analisian, zenbakien teorian, serieetan eta zatiki jarraituetan.
- Évariste Galoisek frantsesak (1811-1832), hogei urte zituela dueluan hildakoak, matematikaren adar abstraktuak aurreratu zituen, ekuazio teoriarekin, aljebra abstraktuarekin eta talde teoriarekin lotuak.
- N. Bourbaki (XX mendea). “Nicolas Bourbaki” goitizeneko matematikari-taldeak matematikan eragin handia izan zuten testuak idatzi zituen. Taldeak izengoitiarekin sinatzen zuen, fikziozko «matematikari bakar bati» lana anonimoki egotzirik. Bourbaki taldea Jean Dieudonné, Henri Cartan, André Weil, Jean-Pierre Serre (Fields dominaren irabazlea) bezalako pertsona ospetsuek osatzen zuten.
- Emmy Noether emakume alemaniarrak (XX. mendea) aurrerapen handiak egin zituen aljebra abstraktuan eta fisika teorikoan; «historiako matematikarik handienetakotzat» jotzen da, eta bere garaiko matematikari garrantzitsuenetako bat da.
Emakume matematikariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Emakumeek historian zehar eta munduko leku guztietan matematikan (eta, oro har, zientzian) ikertzeko edo ikasteko eduki dituzten oztopoen eta egin behar izan dituzten ahalegin handien ondorioz, arlo horretan nabarmendu eta ospe unibertsala lortu duten pertsona gehienak gizonak izan dira. Hala ere, zailtasun horiek gorabehera, badaude emakume batzuk —borondate irmo bati, gizarte-maila altu bati eta, oro har, mezenas edo babesle maskulino baten laguntzari esker— matematikaren historian aztarna ezabaezina utzi dutenak. Eta ez bakarrik beren gainditze-istorioak eredugarriak direlako; baita beren ekarpen zientifikoek eragin eta garrantzi handia izan dutelako.

XX. mendea baino lehen jaiotako emakume matematikari nabarienen artean honako hauek aipa daitezke: Téano de Crotona (K.a. VI. mendea), Hipatia de Alejandría (400 inguruan), Ada Lovelace (1815-1852), Maria Gaetana Agnesi (1718-1799), Sophie Germain (1776-1831), Sofia Kovalévskaya (1850-1891), Alicia Boole Stott (1860-1940), Émilie du Châtelet (1706-1749), Carolina Herschel (1750-1848), Mary Somerville (1780-1872) eta Florence Nightingale (1820-1910).
Batez ere Bigarren Mundu Gerraren amaieraz geroztik gertatu diren aldaketa demografiko eta sozial sakonek emakumeak lan-munduan sartzea erraztu dute, eta gizonekiko aukera-desberdintasunak pixkanaka txikiagotu egin dira. Horregatik, XX. mendeko emakume matematikari handien zerrenda luzea da, eta aipatzekoak dira besteak beste: Mileva Marić (1875-1948), Emmy Noether (1882-1935), Mary Lucy Cartwright (1900-1998), Rózsa Péter (1905-1977), Grace Murray Hopper (1906-1992), Olga Taussky-Todd (1906-1995), Julia Robinson (1919-1985), Emma Castelnuovo (1913-2014), María Wonenburger (1927–2014), Maryam Mirzakhani (1977-2017) eta Ingrid Daubechies (1954–).
Hala eta guztiz ere, emakumeen presentzia akademiako eta ikerkuntzako erantzukizun-postuetan oraindik ere urria da. Horregatik, eta ezagutzaren beste arloetan gertatzen den bezala, emakume matematikarien elkarte ugari sortu dira hainbat herrialdetan, matematikaren esparruan, ikerketan eta irakaskuntzan, aukera-berdintasuna bilatzeko konpromiso sozial sendoarekin. Horien artean daude: Asociación Mujeres y Matemáticas[11], European Women in Mathematics[12], eta Comisión de Mujeres y Matemáticas de la Real Sociedad Matemática Española[13], baita Latinoamerikako emakume matematikarien elkarte batzuk ere.
Bukatzeko, aipatzekoa da, halaber, Roswitha, X. mendeko monasterio saxoiko moja bat, literaturan eta filosofian matematikaren zientzian baino lan hobea eta handiagoa egin zuena. Hala ere, matematikan ere, Boeciok idatzitako aritmetikaren ezagutza ona erakutsi zuen eta zenbaki defektibo eta perfektuei buruzko kontuak aipatu zituen. Haien artean 6, 28, 496 eta 8128 zenbakiak nabarmendu daitezke.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Frantsesez) «Qu'est-ce qu'un mathématicien ?» www.ina.fr (kontsulta data: 2025-11-26).
- ↑ (Gaztelaniaz) .
- ↑ (Ingelesez) IMU. .
- ↑ (Ingelesez) Chisholm, Hugh. (1910-1911). Encyclopaedia Britannica. .
- ↑ Bere lan-materialaren izaera abstraktua dela eta, eta metodo zientifiko deritzonarekin duen lotura dela eta.
- ↑ (Boyer 1991, 43 orr. ).
- ↑ (Boyer 1991, 49 orr. ).
- ↑ Medieval Sourcebook: Socrates Scholasticus: The Murder of Hypatia (late 4th Cent.) from Ecclesiastical History, Bk VI, Chap. 15. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2014-08-14).
- ↑ Abattouy, Nader; Renn, Jürgen; Weinig, Matthias. (2001). Otto Neugebauer between History and Practice. Max Planck Institute for the History of Science (Preprint 2001-01).
- ↑ Röhrs, "The Classical Idea of the University", Tradition and Reform of the University under an International Perspective p.20
- ↑ (Frantsesez) Web orria. .
- ↑ (Ingelesez) European Women in Mathematics. .
- ↑ Comisión Mujeres y Matemáticas de la RSME. .