András Hegedüs
András Hegedüs (Szilsárkány, 1922ko urriaren 31 – Budapest, 1999ko urriaren 23a) hungariar politikari komunista izan zen. Hungariako lehen ministroa izan zen 1955etik 1956ra.
Hungariako Alderdi Komunista ilegaleko kide izan zen Budapesteko Unibertsitate Teknikoan trenbideen ingeniaritza ikasten ari zela. Ezin izan zituen ikasketak amaitu eta 1944ko abuztuan bi urteko etxeko atxiloaldia ezarri zioten. Azaroan ihes egitea lortu zuen eta 1945eko abuztuaren 24an behin-behineko gobernuko kide izan zen.
1950eko hamarkadan hainbat gobernutan parte hartu zuen eta 1955eko apirilaren 18an lehen ministro izendatu zuten. 1956ko Hungariako Iraultzan, urriaren 24an sobietar armadari laguntza eskatu zion. Egun horretan bertan kargutik kendu zuten Imre Nagyren mesedetan eta Sobietar Batasunera ihes egin zuen Juri Andropov enbaxadoreak aholkatuta.
Moskun Zientzien Sobietar Akademiako filosofia sailean lan egin zuen 1957tik 1958ra. Alderdi Komunistak 1956ko azaroan kanporatu zuen, baina 1958an Hungariara itzuli ahal izan zen.
1960ko hamarkadan postu akademiko eta ikerketetan lan egin zuen. 1968an Txekoslovakiako sobietarren inbasioaren aurka agertu zen eta lanetik bota zuten. 1973an alderditik bota zuten bere iritzi disidenteengatik.